Sekretuak


Foto 1

Lamot

Behe Erdi Aroa ezkero, Deba Arroa eta inguruko bailarak industria-gune oso garrantzitsua bilakatu ziren, batez ere arma zuriei nahiz suzkoei dagokienean. Nahiz eta jarduera indartsu horren erdigunea Plazentzia/Soraluzen kokatua egon, ondoko beste herri batzuek ere industria-leku ugari jarri zituzten abian. Elgoibarren, esate baterako, 6 ola, 26 errota eta kanoiak zulatzeko lantegi bat aritu ziren lanean, azken hau Plazentziako Errege Arma-fabrikarako. Eskualde honetako arma-lantegiek, gailurrera XVII. eta XVIII. mendeetan iritsi ziren arren, XIX.aren erdialdera arte produkzio inportanteari eutsi zioten.

Industria-mota honen garrantziaren lekukotasun bitxia eskaintzen digu antzinako grabatu batek. Jose Zameza, Leintz-Gatzagako semeak, egin zuen 1757an, Florenzio Jose Lamot maisu grabatzaile flandestarraren zuzendaritzapean. Soraluze eta bere eraginpeko esparruan gauzatzen zen armagintzari buruzko argibide ugari agertzen zaigu grabatu horretako marrazki eta testu askotan. Besteren artean, armak ekoizteko egon ohi diren fase desberdinen deskribapen zehatza azaltzen da.

Deskargatu mahaia PDF

 

Foto 1

Sallobenteko pinturak

Elgoibarko Sallobente (San Lorentzo) ermitaren zaharberritze baten ondorioz, 1992an, horma-irudi batzuk agertu ziren aldareen atzean. Pintura hauek koloma arteko nitxo batzuk erakusten zituzten, estilo neoklasikokoak eta oso egikera sinplekoak. Azpian pintura-geruza gehiago zegoela antzematen zen. Erdiko erretaularen ostean beste zati batzuk azaldu ziren, grutesko-apainduraz zein marrazki geometrikoz osatuak, estilo errenazentistakoak, eta hauen azpian, halaber, zerrenda batzuk, Erdi Aroko hiru dimentsioko xake-taula itxurako pintura batez; aldi berean, garai bereko leiho txaranbeldu batzuk ere aurkitu zituzten, koloreztaturik. Oraingoz, Gipuzkoako pinturarik zaharrenak ditugu, harpeetakoak alde batera utzita.

Deskargatu mahaia PDF

 

Foto 1

Idi Probak

Herri-kirolak bi talde nagusitan sailka ditzakegu: lurrari lotutakoak eta itsasgizonen ingurukoak. Estropadak ditugu bigarren talde honetakoak; gainontzekoek, berriz, nekazaritza, artzaintza, baso-lan edota meategiekin dute zerikusia. Elgoibarko baserri-auzo honetan aspalditxotik datozkigun ohitura asko gordetzen dira oraindik.

Idi-proba edo idi-dema hartara prestatuko plaza batean egiten den herri-kirola dugu. Uztarrian lotutako idi-pareek harritzar galanta narrasean eraman behar izaten dute denbora jakin batean. Lehia probaleku izeneko plazan izaten da, kanpoan gehienetan, nahiz eta estalitako probalekuak ere badauden. Harriarekin plaza gehien egiten dituen bikoteak irabazten du lehiaketa. Harriari probarri deitzen zaio eta 1.500 kilotik 4.500 bitarterainokoa izan daiteke.

Deskargatu mahaia PDF

 

Foto 1

Azkarateko Bidea

Ibilbide bat, azkenera orduko, hainbat faktore historikok lurraldearen ezaugarri fisikoekin duten elkarreraginaren ondorioa da. Ez baita gauza bera baso itxia, mendi-gaina, ibarra edota lautada zeharkatzea. Honen adibide garbia dugu Azkarateko mendatetik zehar Elgoibar eta Azkoitiak eduki ohi duten loturaren bilakaera.

Bada bide honi buruzko aipamen historikorik. Esaterako, G. M. Jovellanos-ek bere 1791ko "Egunkaria"n honako hau idazten du: "Elgoibar: egundoko galtzada herriko irteeran eta gero errege-bidea ezkerretara uzten da, aldapa handia (Azkarate) igotzeko. Gainera iritsi ondoren, mendia inguratzen da". W. Humboldt-ek, berriz, 1801ean "basabidea" irizten dio Elgoibartik Azkoitira doanari, nahiz eta, harrigarri samarra bada ere, beste hau gaineratzen duen: "latzagoak diren Bizkaiko paisaia gehienak baino leunagoa eta atseginagoa da". Harrezkero euri asko egin du, eta gizarteak izan dituen aldaketek bideei ere majo eragin diete.

Deskargatu mahaia PDF


© 2006 Elgoibarko Udala.